
julia foruria ðGaudeamus koralaren zuzendaria
«Lan gogorraren emaitza dira lortutako sariak»
Kultura 2006an Txinako Musikaren Olinpiadetan urrezko domina eskuratu zuen Gaudeamus koralak; orain Austriakoetan saiatuko dira emaitza hori berdintzen.
itsasne madariaga
Julia Foruria (Gernika-Lumo, 1959) izen bera daraman kontserbatorioaren sortzaile eta zuzendaria da. Horrez gain, hainbeste aitorpen eta nazioarteko sari eskuratu dituen Gaudeamus koraleko zuzendaria da. Zortzi urtetik gorako umeek eta gazteek osatzen duten abesbatza hori Austriara abiatuko da, bi urtetik behin ospatzen diren Musikaren Olinpiadetan parte hartzeko. Udako Musika Jardunaldien baitan, han aurkeztuko duten errepertorioa entzuteko aukera izango da bihar, 20:30ean, Lumoko San Pedro elizan.
Noiz sortu zen Gaudeamus korala?
1994. urtean. Lehenagotik ere korua geneukan musika eskolan, baina kontserbatorio mailan baino ez. Etekin apur bat atera zitekeela ikusi genuenean, abesbatza berria egitea bururatu zitzaigun. Hasiera batean koru gisa abesten genuen herrietako mezetan, baina, hurrengo urtean, musika koralarekin esperientzia handia zuen teknika bokaleko irakasle bat hartu genuen, eta hari aukerak genituela iruditu zitzaion. Urtebete lanean eman ondoren, 1994an Zumarragara abesten joatea proposatu ziguten.
Zenbat umek osatzen dute gaur egun Gaudeamus korala?
Momentu honetan 60 umek abesten dute Gaudeamusen. Gaztetxoenak 9 urte ditu eta nagusienak 22 urte inguru.
Zenbat gaztetxo igaro diren esatera ausartzen al zara?
Urte guzti hauetan zehar, erabat desberdinak izan diren lau formazio inguru egon dira. Gainera, formazio guztietatik pasatu diren gaztetxoak daude. Gogorra izaten da bat-batean pertsona nahikok abesteari uzten diotenean. Izan ere, egituraketa berria egin behar izaten dugu. Orohar, pertsona anitzek osatu izan dute eta osatzen dute taldea, baina, talde gisa, oso batuta gaude.
2006an, musikaren olinpiadetan urrezko domina eskuratu zenuten, Txinan. Zer suposatu zuen horrek zuentzat?
Egia esan, 2004an irabazi genuen lehen aldiz musika olinpiadetako urrezko domina, Alemanian. 2000an zilarrezko bi domina eskuratu genituen. 2006ko Txinako olinpiadetatik, urrezko domina izaten jarraitzen dugu, olinpiada hauek bi urtean behin egiten direlako. Uztailaren 9an Austriako musikaren olinpiadetara joango gara.
Eta zeintzuk dira zuen erronkak Austriako olinpiadetara begira?
Parte hartuko dugun mailan behintzat, urrezko domina eskuratzen saiatuko gara. Horrez gain, aurton, lehenbiziko aldiz, nagusitxoagoak osatutako taldearekin lehiatuko gara jubenil mailan. Azkenik, lehia gogorrekoa izaten den musika erlijiosoko mailara ere aurkeztuko gara. Hiru kategoriekin egun berdinean abestea egokitu zaigu, egun gogorra izango da, beraz.
Zein berezitasun ditu koralak horrelako aitorpen eta sari garrantzitsuak lortzeko?
Orain arte lortutakoa lanaren eta erabateko dedikazioaren emaitza dela esango nuke. Abesten ditugun kantak XX. mende amaierakoak eta XXI. mendekoak dira, hau da, gaurkotasunezko kantak abesten saiatzen gara. Abesteaz gain, eszenaratu egiten dugu. Musika eta mugimendua tartekatzearen ideia 2000ko musikaren olinpiadetatik abiatu zen, liluratuta geratu baikinen mundu mailako koralek lantzen zituzten dantzekin.
Zaila al da ume gazteekin behar egitea?
Lan nekeza da baina, aldi berean, oso esperientzia ona. Lan egiten dugunean daukadan guztia ematen saiatzen naiz. Lanaldi gogorrak izaten dira, baina oso positiboa izaten da gazteek nola ikasten duten eta musikaz nola gozatzen duten ikustea.
Olinpiadetara eramango duzuen errepertorioa aurkeztuko duzue Lumon. Zelakoa da errepertorio hori? Zein berezitasun dauka?
Andra Mari koralarekin abestuko dugu Lumon. Errepertorio osoa aurkeztuko dugu, Xabier Sarasolaren `Pater nostrem´ abesti elizkoia kenduta. Izan ere, ordubete eta erdiko kontzertua da eta lehenagotan ere abestu izan dugu. Lehenbiziko aldiz abestuko ditugun abestiak daude eta jendearen gustukoak izatea espero dugu, nahiz eta olinpiadatara eremango ditugun kanta batzuk entzuteko zailagoak diren jakin.
Zein da Austriara eramango duzuen kanta sortaren bereizgarria?
Errepertorioko kanta guztiak osotasunean dira XXI. mendekoak, kalitatekoak eta gaurkoak.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.