Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Gernika-Lumo
2008ko abuztuak 29, Barikua

;2008-07-04;Egindakoa eta egin beharrekoa aztertuko du ezker abertzaleak. Politika Urte beteko balantzea egiteko eta erronka berriak aztertzeko batzarra deitu dute ezker abertzaleko zinegotziek.

Egindakoa eta egin beharrekoa aztertuko du ezker abertzaleak

Politika Urte beteko balantzea egiteko eta erronka berriak aztertzeko batzarra deitu dute ezker abertzaleko zinegotziek.

Egoitz Atxikallende

Gernika-Lumoko ezker abertzaleko zinegotziek agerraldia egin zuten atzo iluntzean, eta «azken urteko balantzea egiteko, gauza positiboak eta negatiboak ikusteko eta helburuak argi izanik, aurrera begira zer egin behar dugun» aztertzeko herri asanblada deitu dute gaurko. 19:00etan izango da, Harizpe elkartean.

Idoia Fernandez taldeko bozeramaleak balantzea egiteko garaia dela esan zuen. «Urtebete pasatu da gernikarrok EAJren politika gaitzetsi eta aldaketa baten beharra aldarrikatu genuenetik». Orain, urte horretan «egindako lana kritikoki aztertzeko» garaia dela gaineratu zuen.

Urte beteko balantzea

Ezker abertzaleko udal taldeak urtean zehar arlo desberdinetan egindako lanaren balantzea egin zuen, eta orain arte egindakoen artean zenbait nabarmendu zituen.

Kultur arloari dagokionez, «kultur etxean egon den nahastea» atontzen ibili direla aipatu zuen Ekain Ormaetxea Kultura arloko zinegotziak. Horrez gain, liburutegian egindako hobekuntzak eta zerbitzu berriak aipatu zituen. «Bonbardaketako ospakizunei «edukin politikoa eman diegu lekukoei garrantzia handiagoa emanez», gaineratu zuen.

Astra batzordea osatu izana ere nabarmendu zuen Ormaetxeak, «eraikina eta lurrak ekipamendu sozio-kulturaletarako izango direla bermatu» dutela azpimarratuz.

Jai arloari dagokionez, auzoetako jaiak indartzea izan dela lehentasuna aipatu zuen Jesus Mari Alberdi Jai arloko zinegotzi arduradunak. «Auzoetako jai batzordeak bultzatu ditugu», baieztatu zuen. «Auzo askotan ez da jai batzorderik egon orain arte, eta horiek sortzen ibili gara».

Urratsak euskara arloan

Idoia Fernandez Euskara arloko zinegotzi arduradunak, aldiz, «urte luzeetan blokeatuta egon diren proiektu asko» abian jarri dituztela nabarmendu zuen. Besteak beste, BUSTURIALDEKO HITZArekin sinatutako hitzarmena, Kontseiluarekin sinatutako `Euskaraz bai´ akordioa, AEKrekin batera etorkin gazteen euskalduntzea bilatzen duen egitasmoa eta goi mailako ikastaroak euskaraz egiteko herritarrei emandako diru laguntzak aipatu zituen Fernandezek.

Zerbitzuen arloari dagokionez, bestetik, Jesus Mari Alberdik ondakin industrialak batzeko proiektua nabarmendu zuen. «Orain arte oso sakabanatuta egon da zerbitzu hau», adierazi zuen. «Orain, ondakin industrialen biltegi bat zabalduko dugu», aipatu zuen, proiektua oso aurreratua dutela baieztatuz.

Balantzean aipatu zuten azken arloa ingurumenarena izan zen. Aloña Arronategi Ingurumen zinegotziak aipatu zuenez, «arlo hau orain jarri dugu martxan lehen aldiz, orain arte paper hutsa baino ez da izan eta». Horrez gain, esku artean dituzten zenbait proiektu aipatu zituen, besteak beste, Oka ibaia garbitzeko proiektua.

Aurrera egiteko deia

«Egindako akatsak zuzentzeko eta urte honetan mahai gainean geratu diren hainbat proiektu aurrera eramateko» , herritar guztien parte-hartzea beharrezkoa dela azpimarratu zuten ezker abertzaleko zinegotziek. Horretarako, gaur bertan Harizpen egingo duten herri batzarrera joateko deia luzatu zieten herritarrei eta, bereziki, ezker abertzaleko kideei.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.