
Basauriko Joseba Parrak irabazi du berriz jaietako kartel lehiaketa
Jaiak Asier Musatadi eta Fernando Abaunza gernikarrak izan dira hurrengo sailkatuak, puntu berberekin.
m. orue
Andra Mari eta San Roke jaiek badute dagoeneko iragarriko dituen kartela. `Sentipen-bilaketa´ du izenburu, eta Basauriko Joseba Parra Marcos 35 urteko diseinatzaile grafikoak eginikoa da. Bera izan zen iazko kartel lehiaketa irabazi zuena. Hala ere, aurtengoan zail izan dute epaimahakideek «maila altua» izan baita aurkeztutako lanen artean.
Hamabost kartelen artean bina aukeratu zituzten lehenbizi Jai Batzordeko kideek, bati puntu bat emanez eta besteari bi puntu egokituz. Zenbaketaren ostean, puntu gehien lortu zituzten bostak bereizi zituzten prozesu bera jarraitzeko. 11 puntu lortu zituen basauritarraren lanak, baina gertu izan zituen beste lan bi. Puntu kopuru berarekin, Asier Musatadi eta Fernando Abaunza gernikarren lanak izan ziren bigarren sailkatuak, `Bazatoz´ eta `Bilduma´ izeneko lanekin, hurrenez hurren.
Erakusketa kultur etxean
Rikardo Abaunza kultur etxeko zuzendariaren esanetan, «zenbait urtetan lan gehiago aurkeztu dituzte, baina asko ez ziren hain onak. Aurtengo lehiaketan, aldiz, oso maila altua izan dela esan daiteke».
Kartel irabazleari dagokionez, «nahiko bizia» dela aipatu du Abaunzak. «Laranja eta urdin kolore osagarriak aukeratu ditu egileak, eta horrek indarra ematen dio kartelari».
Horri esker 1.000 euroko ordain saria lortu du Parrak. Bere lana eta gainontzeko hamalauak kultur etxean ikusi ahal izango dira egunotan, uztailaren 18ra bitartean kartel guztiekin osatutako erakusketa izango baita bertan.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.